Texto publicado por Aukera Barriak
#Bilbo Semaforoa, anbar koloreko
Semaforoa, anbar koloreko
Ikusmen urritasuna dutenak, mugitu, mugitzen dira hirian, baina ez behar besteko segurtasunez. Aukera Barriak elkarteak Bilbon aurkitu dituen trabak salatu ditu.
Manu Agirre eta Carmelo Berdasco Bilboko Colon de Larreategi eta Mazarredo arteko bidegurutzean. Salatu dute semaforo batzuek ez dutela soinurik.
Argazkia: M. D. V. / ARP
2016-10-19 / Ibai Maruri Bilbao
skubideak ez badira herritar guztientzat, eskubide izateari uzten diote. Gu ere herritarrak gara, eta gure eguneroko bizitzan eskubide horiek gauzatzeko ditugun arazoak planteatzen ditugu, gizarteari dagozkion arlo guztietan». Horixe da Aukera Barriak elkartearen helburua, Manu Agirre kidearen esanetan. Ikusmen urritasuna duten bizkaitar batzuek osatzen dute. Eta kasu honetan, mugikortasunari lotuta dauzkaten zailtasunez ohartarazi nahi dute. «Beste guztiek bezala, guk ere mugitzeko dugun eskubidea bete ahal izatea baino ez dugu eskatzen».
Bilboko egoera aztertu dute, autobusetan, metroan eta espazio publikoan aurkitu dituzten eragozpenekin zerrenda bat osatuta. Identifikatu dituzten akatsak zuzentzea gura dute. Eta egingo diren azpiegitura berrietan dagoeneko ezagutzen diren hutsuneak kontuan hartzea, berriro ez errepikatzeko. «Erabateko mugikortasuna bermatzea ezinezkoa da; hori badakigu. Baina behin jakinda zein diren ahulguneak, konpon ditzagun. Kontua ez da soilik legeak agintzen dituen neurriak hartzea, neurri horiek eraginkorrak izatea baizik. Bestela, dirua alferrik gastatzea izango da».
ESPAZIO PUBLIKOA
Ibilgailuekin batera
Bilbo erdiguneko kafetegi batean egin dute hitzordua Agirrek eta haren kide Carmelo Berdascok BERRIArekin. Argazkiak egiteko ehun metro inguru mugitu dira, eta oztopoak gainditu behar izan dituzte etengabe. Baina euren esanetan, Kale Nagusian espaloia eta errepidea maila berean egoteak sortzen die arriskurik handiena. «Europa osoan modan jartzen ari da plataforma bakarra deitzen duten hirigintza eredua; hau da, ibilgailuak eta oinezkoa bereizi gabeko lekuan ibiltzen dira. Desorientatu, eta errepidera atera gaitezke ohartu ere egin gabe. Horregatik, oinez hautemateko baldosak jartzea proposatzen dugu. Beste leku batzuetan erabiltzen dira», azaldu du Agirrek. Normalean, zebra bideen parean egoten dira horrelakoak, nondik gurutzatu behar duten jakiteko.
Era berean, semaforo soinudunez ere ohartarazi dute. Colon de Larreategi eta Mazarredo zumarkalea gurutzatzen diren lekura joan dira horretarako. «Hemen hiru zebra bide daude: bitan, semaforoek soinua dute, eta bestean, ez», deskribatu du Agirrek. «Ez baduzu ingurua ezagutzen, ez dakizu soinurik daukan ala ez. Han, geratzen zara zain, zerbait entzun arte. Eta, hemen, gu gauden honek ez dauka. Baina bat-batean entzuten duzu soinua; hango harena da. Eta kaleko zaratarekin ez dakizu oso ondo nondik datorren. Zurea delakoan oinez hasten zara. Baina zurea gorrian dago!», kexatu da Berdasco. Batasuna eskatzen dute: ikusmen urritasuna dutenen mugikortasuna errazteko sistema bat erabiliko bada, hiri osoan erabiltzea nahi dute. Eta, berdin, kaleen diseinuarekin: «Kale batzuetan, seinaleak pareten kontra daude. Beste batzuetan espaloi erdian. Beste batzuetan, errepide bazterrean. Berdin pasatzen da paperontziekin, loreontziekin edo jarlekuekin».
AUTOBUS PUBLIKOAK
Bozgorailua, alferrik
Bilbobus eta Bizkaibuseko arduradunekin elkartu dira, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arloko agintariekin. Bietan esan diete ibilgailuek megafonia zerbitzua badutela. Baina Agirre eta Berdasco ez datoz bat. Askotan, gehiegitan, ez dabilela salatu dute. Eta dabilenetan, sarritan, esaten duena ez da ulertzen. Gainera, pasatu izan zaie, mezua ulertu arren, emandako informazioa okerra izatea: Plaza Biribilean daudela esan, eta San Mamesen egon. «Bilbon bertan, metroan, tranbian eta trenetan, oro har, megafonia zerbitzu ona dute; zergatik ez autobusetan?».
Baina arazoa ez dago autobus barruan soilik. «Bilboko Udalaren autobusen araudiak oraindik ere jasotzen du, autobusak geltokian geratzeko, erabiltzaileek eskua jasota deitu behar dituztela pasatzen diren unean. Nola nahi dute nik autobusa datorrela jakitea? Nola jakingo dut norako autobusa den?», egin du gogoeta Agirrek. Geltoki batzuetan, badira heltzear dauden lineen informazioa ematen duten panelak, baina, diotenez, gehienetan ahotsezko informazioa ez dabil. Ikusmen urritasuna dutenen autonomia, bada, erabat mugatuta dago: norbaitek esan behar die autobusa badatorrela, eta datorren hori norakoa den.
METROA
Nora doa trena?
«Metroan sartzen garenetik hasten da abentura», esan du Agirrek. Lurpera sartu orduko, Barik —garraio txartela— kargatzera jo nahi badute, orduantxe hasiko dira trabak. Pantaila ukigarriak dira: atzamarrarekin aukeratu behar dute zenbat diru sartu nahi duten txartelera. «Lehengoekin bost euro sartzen zenituen, eta berez egiten zuen. Orain, ez dago aukera hori», kexatu da Berdasco. Makina baliatzeko bestelako modu bat eskatzen dute, dela ahots bidez, dela braille idatzita ere baduen teklatua ipinita. Txartela pasatzeko pasabidetik igarotakoan, geltokia ezaguna ez badute, ez dute jakiten ezkerreko edo eskumako eskailerak hartu behar dituzten: norabide batera edo bestera doan metroa hartzeko nasara jaisten dira. Horregatik, braillez idatzitako seinaleak nahi dituzte.
Behin nasan bertan, ez dute jakiten etortzear den trena zein lineatakoa den: Ezkerraldetik edo eskuin ibarretik joango dena. «Esan izan digute nahastuz gero San Ignazion alda gaitezkeela. Baina han ere arazo bera dugu. Linea bateko metroaren atzetik datorrena beti ez da beste lineakoa. Berriz nahas gaitezke», kexatu da Berdasco. Beti norbaiti galdetzen ibili beharrik gabe mugitu nahi dute. Horregatik, megafonia bidez trenak iragartzea eskatu dute. Trenetik ateratzean, berdin gertatzen zaie irteerekin ere: aurretik ezagutu ezean, ez dute jakiten zein hartu behar duten.
Hartuta: Berria
http://www.berria.eus/paperekoa/1736/008/001/2016-10-19/semaforoa_anbar_...